Hezkuntza Proiektua - AJA
Onartze Faseak Proiektuaren Laburpena

Antolakuntza eta Jarduera Arautegia

AURKIBIDEA

SARRERA
A. IKASTETXEKO ORGANOAK

1. Zuzendaritza-organoak

2. Partaidetza eta lankidetza organoak

3. Pedagogi koordinaziorako organoak

4. Hezkuntza-Zerbitzuak

5. Eskola-Zerbitzuak

B. IKASTETXEA KUDEATXEKO BITARTEKOAK
Hezkuntza antolaketa eta koordinaziorako bitartekoak
C. ESKOLA JARDUERA
  1. Irakasleei dagokiena
  2. Egoitza eta ekipamenduen erabilera
  3. Ebaluazioa eta promozioa

4. Ikasleen jarduera bereziak

D. ANTOLAMENDU OROKORRA
  1. Ordutegia
  2. Zaintzak
  3. Eskoletara ez joateko deialdiak
  1. Adierazpen askatasuna
  2. Osasuna eta segurtasuna

 

  SARRERA  
  1. Oinarri orokorrak
a) Aixerrota BHI Bigarren Hezkuntzako Ikastetxearen Antolakuntza eta Jarduera Arautegi hau hezkuntza lanaren helburu eremuan kokatzen da, bai eta indarrean dagoen legediak zehazten dituen gainontzeko arauen barnean.
b) Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan bilduriko helburuak eta printzipioak aipatu arauak ulertu eta betearazteko erreferentzi guneak dira.

2. Lege oinarriak
a) Lege erreferentziarik orokorrenak honako arautegi hauek dira: Hezkuntzarako Eskubidea Arautzen duen Lege Organikoa (LODE; 1985/8/4 BOE), Hezkuntza Sistemaren Ordenamendurako Lege Organikoa (LOGSE, 1990/10/4 BOE), ikastetxeen gobernua, ebaluazioa eta partehartzea garatzen dituen Lege Organikoa (1995/9) eta Euskal Eskola Publikoari buruzko legea (1993/2/25, EHAA).
b) Euskal Herriko ikastetxe publikoen gobernurako organoen osaketa eta funtzioak 82/1986 Dekretuan (EHAA, 1986/4/17) daude bilduta, gero 213/1989 Dekretuan moldatu (EHAA, 1986/10/19), eta berriro 648/1991 Dekretuak birmoldatuak (EHAA 1986/12/5) izan direnak, eta hauek garatzen dituzten argitaratutako aginduetakoak.
c) Ikasleen eskubide eta betebeharren arauketa eta zehaztapena 160/1994 Dekretuak (EHAA, 1994/6/9) biltzen ditu.

3. Publikoa eta betebeharrekoa
Hezkuntza komunitate osoko partaideek arautegi hau bete beharra dute. Ikastetxeko Zuzendaritzak, berriz, bitartekoak jarriko ditu arautegiaren edukiaz denak jakinaren gainean jartzeko eta haren zabalkundea ahalik eta osoena izan dadin.

4. Moldapena
Arautegi hau Aixerrota BHI Ikastetxeko antolamendu- eta jarduera-araudia lantzeko batzordeak (1998/02/20ko Aginduaren arabera) garatu du, lehendik ziren arautegiak oinarri hartuta, eta Aixerrota BHIko Ordezkaritza Organo Gorenari aurkeztu zaio aztertu eta onar dezan.
Berau aldatzeko OOGaren onarpen berria beharko da aldez aurretiko informazio eta eztabaida zabalenen ondoren.
 
     
 
A. IKASTETXEKO ORGANOAK
 
  1. ZUZENDARITZA-ORGANOAK  
 

Aixerrota BHI Ikastetxeak ondoko zuzendaritza-organoak izango ditu:

A) Talde organoak:

  1. Ordezkaritza Organo Gorena
  2. Ordezkaritza Organo Goreneko batzordeak
  3. Klaustroa
  4. Zuzendaritza-taldea.

B) Lagun bakarreko organoak:

  1. Zuzendaria
  2. DBH eta DBHOko Ikasketa Buruak
  3. Idazkaria
  4. Zuzendariordea
  5. Idazkariordea

 

A) Talde Organoak

 


1. ORDEZKARITZA ORGANO GORENA

1.1. Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorena honako kideek osaturik egongo da:

  1. Zuzendaria
  2. Ikasketa Burua
  3. Irakasleen 11 ordezkari
  4. Gurasoen 7 ordezkari
  5. Ikasleen 8 ordezkari
  6. Administrazio eta zerbitzuetarako pertsonalaren ordezkari bat
  7. Udalbatzaren ordezkari bat
  8. Idazkaria, hizpidedun baina botorik gabe

1.2. Ordezkaritza Organo Gorenaren funtzioak Euskal Eskola Publikoaren Legean jasotakoak dira, 31.2. atalean.

  1. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, Antolakuntza eta Jarduera Arautegia eta kudeaketa-proiektua onartzea, bete daitezen begiratzea eta 28.3 atalak agintzen duenaren arabera ebaluazioa egitea.
  2. Ikastetxearen Urteko Plana onartzea, 35.2.a) atalean erabakitakoa kaltetu gabe.
  3. Prestakuntza-jardueretarako egitaraua ontzat ematea, baita eskolaz kanpokoena eta osagarrizkoena eta urteko kudeaketa-egitaraua onartzea, horien jarraipena eta aldizkako ebaluazioa bere gain hartuz.
  4. Ikastetxearen urteko txostena onartzea.
  5. Zuzendaria hautatzea eta, beronen proposamenez, Ikastetxeko gainerako bakarreko organoak izendatzea. Zuzendariaren izendapena ezeztatzea edo bera indargabetzeko proposamena, bi herenek onartutako erabakiz.
  6. Ikasleak ikastetxean onartzeaz erabakitzea, indarrean dagoen araubidean agindutakoari bete-betean lotuz.
  7. Ikasleen agindupe arloko gatazkei irtenbidea ematea eta zigorrak ezartzea, ikasleen eskubideak eta betebeharrak arautzen dituzten arauen arabera.
  8. Beste Ikastetxe batzuekin lankidetza-harremanak izatea kultura eta hezkuntzazko helburuez.
  9. Eskolako instalazio eta tresneriaren berrikuntza sustatzea, bai eta beraien iraupena zaintzea ere.
  10. Ikastetxearen jarduera orokorra gainbegiratzea, administrazio eta irakaskuntza alderdietan.

1.3. Dituen funtzioak bete ahal izateko honakoak egin ditzake OOGak laguntzak eskuratzeko:

  1. Bereziki interesgarriak diren gaietan, eskola-komunitateko talde desberdinen partaidetza-organoen iritzia eskatzea.
  2. Egonkorrak edo unean-unekoak diren batzordeak eratzea.
  3. Laguntzako zerbitzuei, ikuskaritzari eta Administrazioari egoki iruditzen zaizkion txostenak eta aholkuak eskatzea.
  4. Hezkuntzako teknikariei azterlanak egiteko eskatzea.

1.4. Ordezkaritza Organo Gorena hiruhilabetean behin bilduko da gutxienez.
Ikasturte hasierako saioan Urteko Plana eztabaidatu eta onartuko du; ikasturte amaierakoan, Urteko Memoria aztertu eta onartuko du. Horrez gain, batzorde iraunkorrak erabakitzen duen guztietan edo OOGeko kideen heren batek eskatzen duenean ere bilduko da. Idazkariak hartutako erabakien akta egingo du.

1.5. Zuzendariak egingo du OOGa biltzeko deialdia: data, ordua eta gai zerrenda adieraziko ditu. Batzorde iraunkorrari dagokio gai zerrendako gaiak zehaztea. Zuzendaritza-taldeari dagokio kontseiluak gaiak eztabaidatu eta erabaki ahal izateko beharrezkoa den informazioa eskaintzea.
Gai-zerrendatik kanpoko gaiak ere eztabaidatzeko aukera izango da denborarik izanez gero; alabaina, ezin izango da aparteko gai horiei buruzko erabakirik hartu.
OOGaren bileraren hasieran, gai zerrendan puntu berriren bat sartu ahal izateko, botaketa egin eta hura erabakitzeko, honako prozedura bete beharko da: partaideen bi heren egotea eta horietarik gehienek ontzat ematea.
Deialdian finkatutako gai zerrendako bozketetarako boto-delegazioa honela egingo da: idatziz, dokumentu batean, ez dagoen partaidearen izena eta honen boto delegatua izango duenarena. Hori OOGri helaraziko zaio bileraren hasieran, onartu ala ez onartu erabaki dezan, eta idazkariak hala jasoko du aktan.

1.6. ORDEZKARITZA ORGANO GORENeko kideek eta bertan osatzen diren batzordeetako kideek Ordezkaritza-Organo horretan egindakoaren berri eman behar diote beraiek ordezkari diren taldeko organoari; halaber, egin nahi dituzten proposamenak jakinarazi behar dizkiote. Pertsona jakinei kalte pertsonala sor diezaieketen arazoen tratamenduan isilekotasunari eutsi beharko diote.

1.7. OOGak edo hori osatzen duen edozein batzordek aztertu beharreko dokumentuek OOGeko kideen esku egon behar dute saioa egin aurretik. Urteko planaren eta Urteko memoriaren proposamena, onartu baino gutxienez hamar egun lehenago jasoko dituzte Eskola Kontseiluko kideek.

1.8. OOGeko partaidea den ordezkari batekin erlazioan dagoen arazoren bat eztabaidatu eta erabaki beharko balitz, eztabaidatu eta erabakia hartu bitartean, hura bere estamentuko zerrendako hurrengoak ordezkatuko du.


2. OOGeko BATZORDEAK
OOGak zenbait funtzio edo eginkizun zehatz burutzeko batzordeak sortzeko eskumena izango du, beti ere kontseiluak adierazitakoaren arabera.
Honako batzorde egonkorrak eratuko dira:

  1. Batzorde iraunkorra.
  2. Ekonomi batzordea.
  3. Bizikidetza-batzordea.
  4. Osasuna eta seguritatea.
  5. Jantokirako Batzordea

2.1. OOGak eratzen dituen batzorde egonkorrak edo unean-unekoak ondoko kideek osatuko dituzte:

  1. Zuzendaritza-Taldeko kide batek, batzordeko buru izango delarik.
  2. 2 irakaslek, irakasleek OOGean dituzten ordezkarien artean hautatutakoak.
  3. 2 gurasok eta 2 ikaslek, hauek OOGean dituzten ordezkarien artean hautatutakoak.

2.2. OOGak batzordeetako kide-kopurua handitu dezake, beti ere aldeen arteko proportzionaltasun-irizpidea errespetatuz.

2.3. OOGak zehaztuko du eratzen diren batzorde egonkor edo unean uneko batzordeen lanerako planak. Batzordeek burututako jardueren berri eman behar diote OOGari organo horrek eginiko saio bakoitzean.

2.4. Batzorde Iraunkorrak Zuzendaria izango du buru, eta honako funtzio hauek izango ditu:

  1. Kudeaketa-proiektua, prestakuntzarako jardueren eta jarduera osagarri nahiz eskolaz kanpoko jardueren programa eta urteko kudeaketa-programa lantzea, gero OOGak onar dezan.
  2. Urteko memoriaren zirriborroa egitea, OOGak eztabaida dezan.
  3. OOGeko bilkuren gai-zerrenda prestatzea eta gaiak eztabaidatzeko dokumentazioa eskura izatea.
  4. Zuzendaritza-taldearentzako aholku batzordea izango da, haren esku diren zereginak izan arren, erabakia hartu aurretik eskola komunitatearen iritzia jakin nahi lukeen kasuetan.
  5. OOGak batzordearen esku utz ditzakeen funtzioak eta lanak.

2.5. Ekonomi batzordeak Idazkaria izango du buru. Ekonomi batzordeak aurrekontuen eta gastuen likidazioaren zirriborroa egingo du, Ikastetxearen ekonomi kudeaketaren jarraipena burutuko du eta instalazio nahiz ekipamenduekin zerikusia duten gaiak bideratuko ditu.

2.6. Bizikidetza batzordeak Ikasketa Burua izango du buru. Batzorde hori eskolako elkarbizitzaz arduratuko da, hau da, elkarbizitza hobetzeko proposamenak egingo ditu eta gerta daitezkeen arazoei aurrea hartuko die. Batzorde honetako kide izango daitezke, halaber, Orientabide-zerbitzuaren arduraduna eta, ikasle baten jokabidea aztertu behar denean, tutorea.

2.7. Osasun eta Segurtasun Batzordearen burua Zuzendaria edo honek izendatzen duen zuzendaritza kidea izango da. Ikastetxean pertsonak segurtasunez ibiltzea eta ohitura zein jarrera osasuntsu eta prebentiboak bultzatzea dira batzorde honen zereginak.
Osasun eta Segurtasun batzordea 2 ikaslek, 2 irakaslek, 2 gurasok eta atezain batek osatuko dute. Eskola medikuarekin batera —egonez gero—, irakasleen eta ikasleen arazoez arduratuko da, eta bukatzeko arriskua duten gaixotasunen prebentzioan arreta berezia jarriko du.
Batzordeak indarrean dauden segurtasun arauak errespetatu eta bete daitezen egingo du lan. Horretarako tresneria guztiaren funtzionamendua konprobatu eta aldizka-aldizka itxurako alarma saioak egingo dira, larrialdi kasuetarako planen arabera.

2.8. Jantokirako Batzordeak Zuzendaria edo Zuzendaritza-Taldeko kide bat izango du buru, eta honetaz gain bi irakasle, bi guraso eta bi ikaslek osaturik egongo da. Funtzionamendu onerako arauak egitaratu, jantokiko arduradunek aipaturiko arauak betearazi eta menuen kalitate onargarria zaintzea batzordearen helburuak izango dira.


3. IRAKASLEEN KLAUSTROA
3.1. Irakasle-Klaustroa irakasleek Ikastetxean duten berezko partaidetza-organoa da. Bertan lan egiten duten irakasle guztiek osatuko dute eta Ikastetxeko Zuzendaria izango da burua.

3.2. Klaustroko bozketetan Ikastetxean une horretan eskolak ematen ari diren irakasleek hartuko dute parte.

3.3. Klaustroak, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legeak bere 35.2 eta 35.3 ataletan esleitzen dizkion funtzioak izango ditu.

  1. Ikastetxearen Ikasketa-proiektua eta Irakaskuntza-jardunen egitaraua egin eta onartzea, ordezkaritza-organo gorenak irizpidea eman ondoren; organo horrek erabakiko du Ikastetxearen Hezkuntza-Proiektuan jasotako arteztarauen egokitasunaz.
  2. Irakaskuntza-jardueren egitarauaren betetze-mailaren berri ematea OOGari, urteko txostena egin dezan.
  3. Ikasleak ebaluatu eta berreskuratzeko lanari buruzko irizpideak ezarri eta koordinatzea.
  4. Ikasleen bideratze-eginkizunak eta tutoretza planifikatzea eta zuzentzea.
  5. Ikastetxean garatu behar diren pedagogiazko saioetarako edo ikerketarako ekinbideak sustatzea.
  6. Ikastetxearen jarduera-arauak onartzea.
  7. Irakasleen prestakuntzari dagozkionetan prestakuntza-jardueren, eskolaz kanpokoen eta osagarrizkoen egitarauari buruzko txostena egitea, 36.3 atalean erabaki bezala egina, eta ordezkaritza-organo gorenak onartu baino lehen.

3.4. Irakasle-Klaustroak aukeratuko ditu OOGerako bere ordezkariak

3.5. Irakasle-Klaustroaren aribidea:
Zuzendaritza-Taldeak irakasle-taldeen proposamenak eta ekimen pertsonalak jasoko ditu eta, hauetatik abiatuz, gai-zerrenda egingo du. Hauekin deialdi arrunta egingo du, gutxienez bilera baino 48 ordu lehenago.
Deialdi bakarra egingo da eta Klaustrokideen erdiak egon behar du Klaustroa osatutzat emateko, eta gehiengoz harturiko erabakiak legezkoak izan daitezen.
Klaustroaren hasieran gai zerrendan puntu berriren bat sartu ahal izateko, botaketa egin eta hura erabakitzeko, honako prozedura bete beharko da: partaideen bi heren egotea eta horietarik gehienek ontzat ematea.
Ikasturtearen hasieran, ikasturtean zehar Ikastetxeak izango duen antolaketa onesteko eta irakasle-jardueren programa ontzat emateko bilduko da; ikasturtearen amaieran, urteroko Memoriarako ekarpen gisa, ikasturtearen garapenari buruz bere txostena lantzeko eta hurrengo ikasturteko irakasle-jardueren programan sartuko diren proiektu didaktikoak definitzeko bilduko da.
Ikastetxearen Curriculum-Proiektuaren eta Ikastetxearen urteko planeko irakasle-jardueren programaren lanketan, berau praktikan jartzearen koordinazioan, ebaluazioan eta aldakuntzetan, Klaustroak Pedagogi Koordinaziorako Batzordea lan-taldetzat edukiko du, honek irakasle-taldeen proposamenak jasoko ditu.
Irakasle-Klaustroa, ikasturtearen hasieran eta amaieran biltzeaz gain, hiruhilabetetan behin bilduko da gutxienez . Era berean, Zuzendariak edo Zuzendaritza-Taldeak erabaki edo irakasleen herenak eskatzen duen guztietan bilduko da. Idazkariak hartutako akordioen akta egingo du.
Klaustrokideak beharturik daude klaustrora azaltzera. Ez-etortzea formalki justifikatu beharko da.



4. ZUZENDARITZA TALDEA


4.1. Zuzendaritza-Taldea Zuzendariak, Zuzendariordeak, DBHOko Ikasketa Buruak, DBHko Ikasketa Buruak, Idazkariak eta Idazkariordeak osatuko dute.

4.2. Zuzendaritza kideek eskola orduen murriztapen bat izango dute. Murriztapen hau honen arabera izango da: ikasle kopurua, ikastetxearen konplexutasuna, talde dibertsitatea eta zerbitzuen arabera. Ordu hauen banaketa beraien artean erabakiko dute.
Zuzendaritza-Taldeari Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen 36.2 atalean esleitutako funtzioak dagozkio:

  1. Ikastetxearen zuzendaritza eta koordinaziorako irizpideak erabakitzeko eta jarduerari begira garrantzi handiagoko erabakiak hartzeko Zuzendariari laguntzea.
  2. Kudeaketa-proiektua, formazio-jardueren, eskolaz kanpokoen eta osagarrizkoen egitaraua eta urteko kudeaketa-egitaraua gauzatzea, OOGak onar ditzan.
  3. Aurreko puntuan adierazitako programan burutzapena zaintzea eta koordinatzea, eta horien betetze-mailaren berri ematea OOGari Urteko txostena onar dezan.
  4. Urteko Txostenaren zirriborroa egitea, OOGak eztabaidatu eta onar dezan.
  5. OOGari Euskal Eskola Publikoko beste zenbait ikastetxerekin lankidetza-harremanak izateko proposamena egitea eta, halaber, kultura eta hezkuntza xedez, erakundeekin itun proposamenak egitea, organo horrek, egoki baderitzo, Hezkuntza-Administrazioari aurkez diezazkion.
  6. Irakasle-taldeak antolatzea eta irakasleak dagozkien ihardunetan kokatzeko irizpideak erabakitzea ikasturte bakoitzaren hasieran.
  7. Ikastetxearen egoera eta irakasle-taldeek egiten dituzten ziklo desberdinak aztertuz, Urteko Planaren barruan berrikuntzarako eta prestakuntzarako proiektuetako gaiak proposatuko ditu.
  8. Ikastetxearen irakaste-praktikan curriculum-proiektua betearaztea.

4.3. Zuzendaritza-Taldea kudeaketa-esparru desberdinen koordinazio-organoa izango da. Horretarako, kide bakoitzak bere eskumeneko esparruko ihardunen berri emango du, eta irizpide komunak eta ihardun guztiei koherentzia emateko moduak bilatuko dira.

4.4. Ohizko izaeraz, astean behin bilduko da. Ezohizko izaeraz, Zuzendariak erabaki edo Taldeko beste kideek eskatzen duten guztietan.


B) Lagun bakarreko organoak

1. ZUZENDARIA

1.1. Zuzendariari dagokio Euskal Eskola Publikoari buruzko Legeak bere 34. atalean egozten dizkion funtzioak:

  1. Ikastetxearen ordezkaritza ofiziala egitea.
  2. Ikastetxearen jarduera zuzendu eta koordinatzea; ikaste-ekitaldietarako eta batzar-organoen bileretarako dei egitea eta horietan mahaiburu izatea.
  3. Gastuak egiteko baimena ematea, Ikastetxearen urteko kudeaketa egitarauarekin bat datozenak, eta ordainketak agintzea.
  4. Lan-, zerbitzu- eta horniketen kontratazioak agintzea.
  5. Egiaztagiriak eta agiri ofizialak ikusi-onestea.
  6. Arauak, erabakiak, proiektuak eta jarduera-egitarauak eta Ikastetxearen jarduerari eragiten dioten erabakiak betaraztea.
  7. Zuzendaritza-karguen izendapena proposatzea OOGari.
  8. Ikastetxeko langile guztien gaineko buruzagitza: kontrola, aginpidea ...
  9. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko organoek ordezkotzan eman diezazkioten gainerako aginpideak; bestelako arauek eta Ikastetxearen Antolakuntza- eta Jarduera-Arautegiak eman diezazkiotenak.

1.2. Zuzendariak, bere funtzioak betez, OOGak eta Irakasle-Klaustroak hurrenez hurren beren eskumeneko gaietan hartutako erabakien eta planen arabera jokatu beharko du. Era berean, hezkuntza-komunitatea dinamizatzea dagokio, irakasleak batez ere, eta beren ekarpen eta interesak jasotzea eta bideratzea, komunikaziorako eta lankidetzarako bideak bilatuz.


2. IKASKETA BURUA
Bera da dagokion etapan ikasketa-proiektua eta irakaskuntza-jardueren egitaraua koordinatu eta gauzatzen direla zaintzeko ardura duen pertsona.

2.1. Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak onartutako irizpideekin bat etorriz ondorengo egitekoak dituzte Ikasketa Buruek:

  1. Irakaskuntzako jarduerak koordinatzea.
  2. Eskolako ordutegiak egitea eta betetzen direla zaintzea.
  3. Irakasle bakoitzari Ikastetxeko talde bat edo gehiago izendatzea, zuzendaritza-taldeak atxikipenerako onartutako irizpideekin jarraituz.
  4. Diziplina eta bizikidetza gaietan parte hartu arautegi honetan finkatutakoaren arabera.

2.2. Pedagogia esparruaz arduradunak diren zuzendaritza-taldeko kide gisa, Ikasketa Buruaren menpe egongo dira Irakasle-jardueraren Koordinazio Batzordea, Bizikidetza Batzordea, Irakasle-Taldeak eta Irakaskuntza Zerbitzuak, berauen jarduerari buruzko informazioa aldizka jaso eta emateko behartua dagoelarik.

2.3. Ikasketa Burua da Ikasketa-Proiektua eta irakaskuntza-jardueren egitarau orokorra koordinatu eta gauzatzen direla zaintzeko ardura duen pertsona.


3. IDAZKARIA

3.1. Idazkariak ondoko funtzioak izango ditu:

  1. Ikastetxearen kudeaketa administratiboaren ardura bere gain hartzea.
  2. Ikastetxeari atxikitako administrazioa eta zerbitzuetako langileen buruzagitza bere gain hartzea.
  3. Ordezkaritza Organo Gorenaren, Ikastetxeko zuzendaritza-taldearen eta Irakasle-Klaustroaren bilkuretako gai-zerrendan sartu beharreko gaiak prestatzea, organo horietako buruak ezarritakoaren arabera, eta organo horien bilkuretako akta egitea.
  4. Aktak, espedienteak eta Ikastetxearen beraren agiriak zaintzea, eta bertako organoen eskueran izatea.
  5. Ikastetxeko irakasle-baliabideak zaintzea.
  6. Zuzendariaren oniritziaz, Ikastetxearen egintza, erabakiak eta hitzarmenak zertifikatzea, eta bai Ikastetxeko liburu eta agiri ofizial guztiak egiaztatzea.
  7. Ikastetxearen kontabilitatea eramatea.
  8. Aurrekontua eta beronen likidazio-kontuari dagokion agiria prestatzea, ordezkaritza-organo gorenak onetsi dezan aurkezteko.
  9. Ikastetxeko gauza materialen inbentarioa egitea.
  10. Instalazioen mantentzea gainbegiratzea.
  11. OOGk bere esku uzten dituenak.



4. ZUZENDARIORDEA

4.1. Zuzendariordeak Zuzendariaren funtzioak beteko ditu honen faltan.
4.2. Zuzendariordea da jarduera osagarrien eta kanpo jardueren arduraduna.
4.3. Zuzendaritzak ezar diezazkiokeen betebeharrak ere izango ditu.


5. IDAZKARIORDEA

5.1. Idazkariordeak Idazkariaren funtzioak beteko ditu hau ez dagoenean.
5.2. Zuzendaritzak ezar diezazkiokeen betebeharrak ere izango ditu.

 
     
  2. PARTAIDETZA ETA LANKIDETZA ORGANOAK  
 

Partaidetza eta Lankidetza talde-organoak dira:

• Gurasoenak:
1. Gurasoen Batzarra
2. Ikasleen Guraso elkartea(k)

• Ikasleenak:
1. Ikasgelako Ordezkariak
2. Ordezkarien Batzarra

• Lankidetza organoak ondokoak dira:
1. Gurasoen Elkartea(k)
2. Ikasleen Elkarteak
3. Erakundeak eta Ikastetxearen laguntzaile gisa diharduten elkarteak.



GURASOEN BATZARRA

1. Batzarkideak dira Ikastetxeko ikasle guztien gurasoak.

2. Gurasoen Batzarrak Euskal Eskola Publikoari buruzko Legeak bere 38.2 atalean esleitzen dizkion funtzioak dauzka.

  1. Ikastetxeko gainerako organoei beren ardurapeko diren gaiei buruz egoki jo ditzan proposamenak egitea, eta irakaskuntza jardueraren egitaraua, prestakuntza jardueren, eskolaz kanpokoen eta osagarrizkoen egitaraua eta urteko kudeaketa egitaraua egituratzeari buruzko balorazioa ematea.
  2. Zuzendaritzarekin eta Irakasle Klaustroarekin harremanak izatea, Ikastetxearen proiekturako garapenean lankidetzarik handiena lortzeari begira.
  3. Ikastetxeko bizitzan parte hartzeko gurasoen ekimena suspertzea.
  4. Batzar organoetan gurasoen ordezkari direnak bileretara deitzea, egindako kudeaketaren berri eman dezaten.
  5. Bere jarduera arauak onartzea.

3. Batzarrak Mahai bat izango du, OOGeko gurasoen arteko eta gurasoek eurek aukeratutako ordezkari bi, eta Ikastetxeko Gurasoen Elkarteko Zuzendaritza-Taldeen arteko eta eurek aukeratutako bi kidek osatuko dutena. Euren artetik bat hautatuko dute Mahaiaren bozeramaile.
Batzarraren Mahaia ikasturtearen lehen hilabetean osatuko da, OOGeko ordezkarien artean denbora gehien daraman ordezkariaren ekimenez. Batek baino gehiagok denbora bera badaramate, adinez zaharrena den ordezkariak hartuko du ekimena.

4. Batzarra urtean behin bilduko da derrigorrez, ikasturtearen lehen hiruhilekoan, OOGeko gurasoen ordezkariek Ikastetxearen Urteko planaren eta aurreko urteko memoriaren berri eman dezaten. Halaber, OOGak zerbait planteatzen dion guztietan bilduko da, bai bere iritzia jakiteko, bai informazio edo proposamenen bat jakinaraz diezaion edo bai bere kideen %15ek hala eskatzen duenean

5. OOGeko partaide diren Batzarreko mahaikideek Batzarrari, derrigorrez, ondoko hauei buruzko informazioa eman eta kontsultatu beharko diote:

  1. Ikastetxearen Hezkuntza-Proiektuaren lanketa eta bere aldakuntza.
  2. Ikastetxearen Urteko plana.
  3. Antolakuntza eta Jarduera Arautegian betebeharrak eta eskubideak eta elkarbizitzarako eta diziplinarako arauen definizioa.
  4. Hizkuntz eredu aldaketarako eskaera
  5. Ikastetxea eraberritzeko obra garrantzitsuak eskatzea.
  6. Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko ikasleei eska dakizkiekeen gehienezko zenbatekoen zehaztapena.

6. Batzarrerako deialdia Mahaiko bozeramaileak egingo du, Mahaiak erabakitako data eta gai-zerrendaz. Batzarreko Mahaia Batzarrak erabakitzen dituen proposamenak eta adierazi nahi dituen iritziak OOGari helarazten arduratuko da, eta halaber Batzarrak beharrezkotzat jotzen dituen ekintzak burutzen.

7. Batzarrak aktiboki parte hartuko du Ikastetxeko OOGeko, Mugapeko Lurralde-Kontseiluko eta Udal Kontseiluko gurasoen ordezkarien hautaketan, ondoko funtzioak bere gain hartuz:

  1. Mahaiak hautagaien aurkezpenerako saio informatiboetarako deialdia egingo du.
  2. Sektoreko ordezkarien hautaketa Batzarraren bilkura irekian egingo da, eta honek gutxienez 4 orduko iraupena izango du, gutxienez Mahaiko bi kide buru izanik.
  3. Asanbladaren lehendakariak egingo du bozketen eta aukeraturiko ordezkarien ziurtapena.


IKASLEEN GURASO ELKARTEA(K)
1. Gurasoen Elkarteak gurasoen borondatezko partaidetza eta lankidetza-organoak dira.
Gurasoen Elkarteak indarrean dauden arauen arabera eratzen badira soilik onartuko dira.

2. Elkarteek ondoko esparruetan ihardun dezakete:

  1. Gurasoen Batzarreko organo exekutiboetan;
  2. OOGak bultzaturiko lan batzordeetan.
  3. Bere sektoreko kideen eta beren seme-alaben defentsan, baldin eta eskubideak zapaldu edo betebeharrak bertan behera utzi direla ulertzen bada;
  4. Urteko Planaren programetarako proposamenak aurkeztuz, batez ere jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programarako;
  5. Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programaren burutzapenean, eta eskola-jardueretan, gurasoen eta irakasleen arteko lankidetzan;
  6. Gurasoen informazioan eta prestakuntzan.

3. Guraso Elkarteak OOGari burutzen dituen jardueren berri emango dio aldizka.

4. GEek Ikastetxeko lokalak erabiltzeko eskubidea dauka bere jarduerak burutzeko, baldin eta ez badu eskolako ihardun normalean eragozpenik sortzen. Zuzendaritzak beharrezko lokalak eskainiko ditu Ikastetxeak dituen aukeren baitan, Elkarteak dituen beharren berri eman ondoren.


IKASLEEN PARTE HARTZEA

1. Gela ordezkariak.
Hauek dira taldearen ordezkari irakasle, tutore, Zuzendaritza eta Ikastetxeko gainontzeko organo akademikoaren aurrean. Ordezkariaren faltan, ordezkariordeak hartuko ditu haren zereginak.
Hautapena. Ordezkaria eta ordezkariordea talde bakoitzeko ikasleek Urrian hautatuko dituzte. Hautaketarako deialdia Ikasketa Buruak egingo du. Eskola garaian eta tutorea aurrean dagoela, botoa sekretua eta nominala izango da.
Elkarbizitzari edo taldearen eskola-jarduerari buruzko gaiei dagokienez, kurtsoko Ordezkariek solaskide funtzioak beteko dituzte tutorearen edo edozein irakasleren aurrean, taldearen izenean.
Gelako Ordezkariek Batzarrerako deialdia egin ahal izango dute informazioa bildu, iritziak eskatu edo proposamenak jasotzeko, elkarbizitza-arauetan ezarritako arauez. Batzar horiek eskola orduetan edo atsedenaldietan egingo diren erabakitzeko ahalmena geletako irakasleei dagokie.
Kargugabetzea. Ordezkaria kargugabetu egin dezakete, baldin eta bere hautesleen bi herenek hala eskatzen badute. Hala ere, Ikastetxeko Zuzendaritzak ezingo du ordezkaririk bere kargutik kendu.


2. A) DBHko Ordezkarien Batzordea:

DBHko Ordezkarien Batzordea OOGerako ikasleen ordezkariek eta gela ordezkariek osatzen dute. Batzordearen lehendakaritza Ikasketa Buruak, edota kasuak kasu DBHko Koordinatzaileak izango du irizpidedun eta botorik gabe.

B) DBHOko Ordezkarien Batzordea:
DBHOko Ordezkarien Batzordea OOGerako ikasleen ordezkariek, gela ordezkariek eta Ikastetxeko Ikasleen Elkarteen ordezkariak, azken hau irizpidedun eta botorik gabe, arituko dira. Batzordearen lehendakaritza Ikasketa Buruak, edo honen ordez DBHOko Koordinatzaileak, izango du irizpidedun eta botorik gabe hau ere.
Ordezkarien Batzordeak taldeko elkarbizitza, eskola-jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen antolaketari eta ikastaldearen martxa orokorrari dagozkien gaiak eztabaidatu eta proposamenak egingo ditu, eta Ikasketa Buruaren bitartez dagokion organora helaraziko ditu.
Ikasleen Ordezkarien Batzorde bakoitzak ebaluazioan behin bilduko da; halaber, Ikasketa Buruak deialdia egiten duenean edo OOGeko ikasleen ordezkariek edo kurtsoko ordezkarien herenak eskatzen dutenean.
Bozeramaleak.
Ordezkarien Batzorde bakoitzeko Ordezkariek beraiek hautatutako bozeramale bat izango dute. Ikastetxetik kanpo ikastetxearen ordezkaritza izan dezatenean, DBHOko batzordekoa izango da bozeramale bakarra.

C) Ikasleen Koordinaziorako Batzordea:
Ikasleen Koordinaziorako Batzordea bi bozeramaleek eta Ordezkarien Batzorde bakoitzeko kide batek osatzen dute.
Ordezkarien Batzordeen Eginkizunak:

  1. OOGerako ikasle ordezkaritzari talde zein kurtso bakoitzeko arazoez informazioa eman.
  2. OOGerako ikasle ordezkaritzaren aldetik Kontseiluko gaien berri jaso eta jakin.
  3. OOGerako txostenak prestatu, bere kabuz nahiz Kontseiluaren eskariz.
  4. Barne Arautegiaren moldapenerako proposamenak egin.
  5. Bere ekintzen berri eman ikasleei.
  6. Eskolako zein eskolaz kanpoko jardueratarako proposamenak aurkeztu.
  7. Bere partaideen artean, Ikastetxeko Ordezkari eta Ordezkariorde bana hautatu.

3. Ikastetxeko Ordezkaria da Ikastetxeko Zuzendaritzaren aurrean Ordezkari Batzordeen eleduna.

4. Gelako ordezkariren bat OOGerako ordezkari hautatuko balute, bere kargu-uztea gauzatzeko, berak hala nahi badu, Zuzendaritzari idatziz adieraztea besterik ez luke egin behar. Beraren lekua ordezkariordeak beteko luke eta, beronena, bozkaturiko zerrendan hurrengo ageri denak.

5. DBHOko Ordezkari Batzordea edozein ordutan bil daiteke —eskola garaian nahiz eskolatik kanpo-—, dagozkion arazoei buruz ihartutako. Bilerarako deia Ordezkari Buruak egingo du, berak erabakita edo eta aipaturiko Batzordeko kideetatik gutxienez heren batek eskatuta. Bilera deia egiteko Ikasketa Burua edo Zaintzako Zuzendaritza kidearen baimena beharko da.


IKASLEEN ELKARTEAK
1. Ikasleen Elkarteak ikasleak borondatez parte hartzeko organoak dira.

2. Ikasleen Elkarteak Ikastetxean onartuak izateko indarrez dagoen legediak agintzen duenaren arabera sortuak izan behar dira.

3. Elkarte hauek hurrengo hauetan lan egin dezakete:

  1. Ikasleen partehartzeko organoan;
  2. OOGak sortzen dituen lan Batzordeetan;
  3. Bere esparruko kide baten alde eskubideren zapaltzerik edo betebeharren hutsunerik gertatu zitekeen kasuetan.
  4. Urteko Planaren programetarako, eskolaz kanpoko jardueratarako eta ekintza osagarrietarako batik bat, proposamenak aurkeztuz; edo eginez, arduradun edo laguntzaile gisa.
  5. Ikasleak informatuz.

4. Ikasleen Elkarteek, euren ekintzak burutzeko, Ikastetxeko lokalak erabiltzeko eskubidea dute hezkuntza jarduera oztopatu gabe eta Zuzendariaren baimenaz.

 
     
  3. PEDAGOGI KOORDINAZIORAKO ORGANOAK  
 

Pedagogi koordinaziorako zereginak Irakasleei dagozkie. Irakasleak beraien zeregin pedagogikoei banaka nahiz irakasle-taldeen baitan ekingo diote.


1. Irakasleak
Irakasleek ondoko zereginak dituzte:

  1. Irakasle-jardueren programazioa landu, garatu eta ebaluatzea, Ikastetxearen Curriculum-Proiektuaren arabera.
  2. Ikasleen tutoretza bere gain hartzea, ikasleen ikaskuntza eta aukera akademiko eta profesionalei orientabidea emateko.
  3. Esleituta dauzkan irakasle-taldeetan parte hartzea, ekintza koordinatua eta eskola-testuingurura egokitutakoa definitu eta lortzeko.
  4. Ikastetxearen Urteko planean parte hartzea eta bertan sartzen diren berariazko Proiektuetan laguntzea dagokion neurrian, eta baita Ikastetxearen eta irakasleen irakasle-jardunaren ebaluazioan laguntzea ere.
  5. Prestakuntza-jardueretan aktiboki parte hartzea, Hezkuntza Sailak eta Ikastetxeko aginte-organoek ezartzen dituzten baldintzetan.
  6. Bere esku uzten diren kargu eta funtzioak betetzea.
  7. Ikastetxearen antolaketarako eta funtzionamendu egokirako laguntza ematea, Ikasketa Buruaren eta Antolakuntza eta Jarduera Arautegian zehazten diren beste arduradunen koordinaziopean.
  8. Klaustroaren bilkuretara eta pedagogi koordinaziorako organoetara joatea, eta halaber taldeko aginte-organoetara, horretarako hautatua izan bada.
  9. Eite orokorraz Hezkuntza Sailak ezartzen dituen arauak edo, ikastetxe bakoitzean, aginte-organoek ezartzen dituztenak betetzea.

 

2. Irakasle taldeak:
A) Tutoretza
1. Ikasleek erreferentzia-talde bat osatuko dute, eta honi tutore bat esleituko zaio. Zuzendaritza-Taldeak, Irakasle-Klaustroari entzun ondoren, talde bakoitzaren tutorea izendatuko du. Tutorea berbera izango da zikloan zehar, legeak aurreikusitako kasuetan eta Zuzendaritza-Taldeak hala erabakitzen duenean ezik.

2. Tutoreak ondoko zereginak ditu:

  1. Tutoretza eta orientabide-plana garatzea, taldearekin eta ikasle bakoitzarekin.
  2. Ikasle bakoitzaren jarraipena egitea, taldean parte hartzen duten irakasleengandik informazioa jasotzea eta ikasle bakoitzaren espediente pertsonala betetzea.
  3. Laguntza/Orientabide-Zerbitzuaren aholkularitzaz, behar dituzten ikasleentzat hezkuntza-indargarriak eta curriculum-egokitzapenak ezartzea eta hauek praktikan jartzen ote diren begiratzea.
  4. Taldean/gelan astero/hamabostero/hilero parte hartzen duten irakasleei deialdia luzatzea taldearekiko beren iharduna koordinatzeko eta, derrigorrez hiruhileko bakoitzaren bukaeran, ikasleen ebaluazioari ekiteko eta taldean sortzen diren egoerak aztertzeko.
  5. Asistentziarik eta puntualtasunik ezak kontrolatzea eta halaber diziplina-hutsegiteak ere, dagokien oharra guraso edo tutoreei luzatuz.
  6. Ikasleei eta hauen familiei, ikasturtearen hasieran, helburu, eskola-programa eta ebaluazio-irizpideen berri ematea; urtean zehar, hezkuntza-prozesuei eta ebaluazioei buruzko informazioa ematea.
  7. Ikasleen guraso edo tutoreez arduratzea, Arautegi honetan aurreikusten den moduan.

3. Irakasle-jardueren programan, ikasleen guraso edo tutoreekin bilera informatiboak burutuko dira. Bilera hauek familia gehienek ahal izaten duten orduetan egingo dira, ikasturtearen hasieran eta berriro urtean zehar.

4. Ordutegi bat finkatuko da guraso eta tutoreekin elkarrizketak edukitzeko. Ezarritako ordutegian agertzerik ez balute, elkarrizketa bat eskatu ahal izango dute aurretiaz nahikoa denboraz, tutoreak une egoki bat proposatu ahal izan dezan. Tutoreak guraso edo tutoreei deialdia egin ahal izango die ikasle baten eskola-jardueraz hitz egiteko.

5. Tutoreak astean ordubete egingo du taldearekin, tutoretza-plana burutzeko.


B) Talde/Gela
Talde/Geletako irakasle taldeak talde/gela bakoitzeko irakasle jardunetan diharduten irakasleek osatzen dituzte, talde/gela bakarreko tutoreak koordinatzen dituztelarik.
Talde hauek tutoreak deitzen dien bakoitzean, edo gutxienez hiru hilabetean behin bilduko dira ebaluaketa saioetan,
Ebaluaketa saioetan irakasle taldeek, orientadorearen laguntzaz beharrezkoa balitz, bilera egunera arte eta eztabaidatu ondoren, lortutako ebaluaketa jardueren emaitzak eta ebazpenak idatziz aurkeztu beharko dituzte.
DBHn irakasle talde bakoitzak aho batez edo bi herenen behingoaz ikasleen promozioari buruzko erabakiez azalpenak helarazi beharko ditu. Irakasle taldeak, halaber, ikasle bakoitzari dagozkion indartze neurriak proposatuko ditu curriculum-aniztasunezko taldeetan sartuz.


C) Sail didaktikoak
1. Sail didaktikoak irakasleek osatzen dituzten irakasle taldeak dira, arlo edo gai baten curriculuma garatzeko, curriculum-materialak eta ebaluazio-tresnak lantzeko edo guztien interesa duten gaiak jorratzeko, adibidez aniztasunaren trataera, tutoretza, zehar-lerroak...

2. Irakasle guztiak ordurik gehien ematen duten gaiari dagokion Sailekoak izango dira. Era berean, Ikastetxean dauden Sail berezietako borondatezko partaideak izan daitezke.

3. Irakasle jardueren programan jakintzagai/arloko sailen lanerako plana finkatuko da, eta halaber erabakitzen diren Sail bereziena.
Jakintzagai/arloko Sailek ondokoak egingo dituzte:

  1. Curriculum-Proiektuaren erabakietan oinarrituz, maila bakoitzerako eta ebaluazioaldi bakoitzerako helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak zehaztea;
  2. Ebaluazio-irizpideak eta bitartekoak zehaztea;
  3. Ebaluazio-bilkura bakoitzean, talde desberdinetan eta bere gai/arloaren esparruan emaitzak aztertzea, eta arazo orokorrei erantzunak ematea; halaber, ikasleek aurkeztutako erreklamazioei erantzuna emango diote.
  4. Egokitzat jotzen bada, irakasle jardueren programan bere irakasgai/arloan berrikuntzarako berariazko proiektuak sartzeko proposatzea.
  5. Ikastetxearen curriculum-proiektuan sartzeko, irakasgai/arloaren curriculum-proposamen bat eta egokitzat jotzen dituen aldakuntza-proposamenak lantzea;
  6. Berrikuntzarako edo saileko kideen prestakuntzarako lanerako plana garatzea.
  7. Sailek gaien curriculumak eta ebaluazio irizpideak publiko izateaz arduratzea.

4. Sailak astero bilduko dira, lanorduetan, finkatutako orduan. Irakasgai/arloei dagozkien Sailak ikasturtearen hasieran bilduko dira, kurtso desberdinetako urteko curriculuma, lehen ebaluazioaldian praktikan jarriko dena, zehazteko; ebaluazio-bilkura bakoitzaren ondoren, emaitzak aztertu eta hurrengo irakastaldia programatzeko.

5. Sail bakoitzak Arduradun bat izango du, eta honen funtzioak ondokoak izango dira:

  1. Sailaren jarduera orokorra zuzendu eta koordinatu.
  2. Bilerak antolatu, prestatu eta zuzendu.
  3. Programazioari dagokiona betetzen dela ziurtatu, eduki eta gutxienezko mailei dagokienez, eta ikasturtekoa normaltasunez gainditu ez dutenek azterketa orokor komun bat izango dutela ziurtatu.
  4. Sailak ekainean eta irailean jarritako azterketa orokorretako kalifikazioak gainbegiratu.
  5. Saileko kideen artean lanak banatu.
  6. Sailean izan daitekeen edozein gorabehera Ikasketa Buruari jakinarazi.
  7. Saileko bileren aktak egin eta gorde.

6. Orientazio- zerbitzu buruak ondoko funtzioak eta zereginak beteko ditu:

  1. Orientabide-Plana lantzea, Zuzendaritza-Taldeari igorriko zaiona honek onar dezan.
  2. Tutoreen informazio, prestakuntza eta aholkularitza-mekanismoak finkatzea, Orientabide-Plana eta tutoretza jarduna zuzen burutzeko.
  3. Tutoreei ez dagozkien jarduera orokorrak antolatzea, ikasleen orientabiderako.
  4. Ikasleen arazo orokorrak aztertzea eta ikasleentzako laguntzaren antolaketarako eta irakasle jardunaren hobekuntzarako proposamenak egitea.
  5. Orientabide-Zerbitzua koordinatzea, arduradun gisa.
  6. Tutoreei aholkularitza eta laguntza ematea tutoretza-funtzioa betetzen dutenean, batez ere tutoreen koordinazioaren eta prestakuntzaren bidez, eta halaber baliabideak bilatu behar dituztenean laguntzea.
  7. Bokazio-orientabide prozesuak diseinatzea, informazioa eta autoorientabide jarduerekin.
  8. Ikasleen aniztasunari erantzuna emateko jarduerak bultzatzea.
  9. Tutorearekin eskola-arazoak edo hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen egoera aztertzea, eta kasu bakoitzean egokitzat jotzen diren ihardunak erabakitzea.
  10. Beharrezkoa denean, ikasle baten orientabide indibidualduna egitea.



D) Pedagogi Koordinaziorako Batzordea

1. Pedagogi Koordinaziorako Batzordea sail desberdinen koordinazio-organoa da.

2. Pedagogi Koordinaziorako Batzordea honako hauek osatuko dute:
Zuzendaria;
Ikasketa Burua;
Sail buruak
DBH eta DBHOko Koordinatzaileak

3. Batzorde honek ondoko funtzioak izango ditu:

  1. Ikastetxearen Curriculum-Proiektuaren eta irakasle jardueren Programaren lanketa, martxan jartzea eta ebaluazioa koordinatzea, Klaustroaren proposamenaren arabera, Klaustroari aurkeztuko baitizkio onez ditzan.
  2. Zikloen eta arloen irizpide komunak finkatzea eta ziklo desberdinei dagozkien jarduerak koordinatzea.
  3. Prestakuntza Jardueren eta Jarduera Osagarrien eta Eskolaz Kanpokoen Programa lantzeko ardura duen Batzordeari irakasleak gai hauei buruz dituen proposamenak aurkeztea.
  4. Aginte-organoek egozten dizkietenak.

4. Egokitzat jotzen dutenean, aipatu organoei eztabaidatzeko eta erabakitzeko proposamenak igorri ahal izango dizkiete.

5. Pedagogi Koordinaziorako Batzordea hilean behin bilduko da, eta Ikasketa Buruak horretarako deialdia egin edo kideen herenak eskatzen duen guztietan.



4. HEZKUNTZA-ZERBITZUAK
1. Hezkuntza-zerbitzuek irakasleei laguntza emateko funtzioa dute, honek bere betebeharrak ahalik eta hobekien egin ditzan.

2. Ondoko hezkuntza-zerbitzuak izango dira:

  1. Baliabide Didaktikoen Zerbitzua
  2. Jarduera Osagarri eta Eskolaz Kanpokoen Zerbitzua
  3. Lantokietako Prestakuntza-Zerbitzua

3. Zerbitzu bakoitzeko burua Zuzendaritza-Taldeak izendatutako Arduradun bat izango da.

4. Zerbitzu guztiek Ikastetxeko aginte-organoen norabideen arabera jokatuko dute, Ikasketa Buruaren zuzendaritzapean, eta honek aldizka Zuzendaritza-Taldeari eta OOGari bere lanaren berri emango die.

  1. Baliabide Didaktikoen Zerbitzua Ikastetxeko baliabide didaktikoak antolatu, zaindu eta koordinatzeaz arduratuko da, lokalak eta ekipamenduak barne, batez ere liburutegia, laborategiak, ikusi-entzuteko bitartekoak eta informatikoak, tailerrak, gimnasia-gela, ekitaldi-aretoa... Arduradun bat izango du, zuzendaritza-taldeak izendatua, instalazio didaktikoekin zuzen-zuzenean lan egiten duen irakasleen laguntza izango duena. Zerbitzu honetako arduraduna Batzorde Ekonomikoaren partaide izango da.
  2. Jarduera Osagarrien eta Eskolaz Kanpokoen Zerbitzua honelako jarduerak sustatu, antolatu eta bultzatzeaz arduratuko da. Programa honen lehen zirriborro bat lantzeaz arduratuko da, arloko sailek, zikloko taldeek eta Guraso Elkarteek aurkeztutako proposamenak kontuan hartuta. Zerbitzuak zuzendaritza-taldeak izendatutako arduradun bat izango du, eta honekin jarduera bakoitza burutzeko zeregina duten taldeek lankidetzan jardungo dute.
  3. Lantokietako Prestakuntza-Zerbitzua alternantzian dagoen praktiketako Arduradunak eta praktika hauetan dabiltzan ikasleen tutore diren irakasleek osatuko dute. Beren funtzioa, praktika hauek burutzeko enpresekin harremanetan jartzea, enpresarekin egin beharreko lanerako plana definitzea, praktiken jarraitzea egitea eta bere ebaluazioa burutzea da.



5. ESKOLA-ZERBITZUAK
Ikastetxeak ondoko eskola-zerbitzuak izango ditu:

  1. Ikasleentzako Laguntza-Zerbitzua
  2. Eskola-garraioa.
  3. Eskolako jantokia

Zerbitzu hauetako bakoitzaren buru irakasle bat izango da. Gainera, borondatez adskribitzen diren gurasoen laguntza izango dute.

  1. Ikasleentzako Laguntza eta Informazio-Zerbitzuaren arduradunak ikasleei eta bere familiei beka, laguntza, etab.i buruzko informazioa eta aholkularitza helaraziko die. Era berean, ikasleentzat interesgarriak izan daitezkeen kultur eta kirol jardueren berri izango du.
  2. Eskola-Garraio Zerbitzua garraioaren eta ikasleen antolaketaz eta zaintzaz arduratuko da, ibilbidean zehar.
  3. Jantokiko arduradunak zuzendaritza-taldearen izenean gela horretako agintea du. Ikasleen asistentziaz, zaintzaileek behar bezalako arreta eskaintzeaz, otorduen kalitateaz eta osasunagatiko zaintza berezia behar dutenen egoera bereziez eta, halaber, ikasleek jantokiko araudia zuzentasunez bete dezaten arduratuko da.

Jantokia erabiltzen duten ikasleek gutxienezko ondoko arauak beteko dituzte:
1. Higiene pertsonala zaindu.
2. Sartzeko eta irteteko ordena isiltasunez eta zalapartarik gabe errespetatu.
3. Jantokiko langileen eta zaindarien aginduak bete, beraiekiko eta kideekiko errespetua erakutsiz.
4. Jantokiko baxera, gela eta gainontzeko instalakuntzak zaindu.
5. Mahaian gizatasunez jokatu.
6. Jantokitik baimenik gabe zein bazkaltzen amaitu arte ez irtetea. Halaber, bertatik jakirik ez ateratzea.
Arau horiek bete ezean huts akademikoetarako aurreikusita dauden neurriak ezarriko dira, jantoki- zerbitzua erabiltzeko eskubidea galdu daitekeelarik, halabeharrez.
Eskola-zerbitzuak 1997/06/13ko EHAAk arautzen du.

 
     
  B. IKASTETXEA KUDEATZEKO TRESNAK  
 

Ikastetxea kudeatzeko ondoko tresnak erabiliko dira:

  • Antolaketa eta koordinazio akademikorako tresnak:
    • Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua
    • Curriculum-Proiektua
    • Antolakuntza eta Jarduera Araudia
    • Kudeaketa Proiektua
    • Urteko plana
    • Urteko Memoria
  • Irakasle jarduerarako tresnak:
    • Programazio didaktikoak
    • Irakasle jardueraren jarraitzea eta koordinazioa
  • Dokumentazio akademikoa:
  • Kudeaketa ekonomikorako tresnak.


ANTOLAKETA ETA KOORDINAZIO AKADEMIKORAKO TRESNAK

1. Hezkuntza-Proiektua bakarra izango da Ikastetxe guztirako, nahiz eta bertan etapa bat baino gehiago irakatsi. Berau lantzea eta onestea OOGari dagokio.

2. Curriculum Proiektuek ikastetxean irakasten den etapa bakoitzaren berri emango dute, beraien artean beharrezko koherentzia izango badute ere. Proiektu horiek lantzea eta onestea Irakasle-Klaustroari dagokio. Pedagogi Koordinaziorako Batzordeak Curriculum-Proiektuaren lanketa koordinatuko du.

3. Antolakuntza eta Jarduera Araudia

4. Kudeaketa-Proiektua Batzorde Iraunkorrak landuko du eta OOGak onetsiko du.

5. Urteko Plana ondoko hauek osatzen dute:

  1. Irakasle jardueren programa.
  2. Prestakuntza-jardueren, jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren programa.
  3. Urteko kudeaketa-programa.
    Irakasle-jardueren programa lantzea Irakasle-Klaustroari dagokio eta beste bi programak lantzea Batzorde Iraunkorrari, eta dagozkien esparruetan Batzorde Ekonomikoa, Jarduera Osagarrien Zerbitzua eta GE izango dituzte.
    OOGari dagokio Urteko Plana onestea. Irakasle-jardueren programa Klaustroak onetsiko du. OOGak aipatu programak Ikastetxearen Hezkuntza-Proiektuarekiko duen koherentziari begiratuko dio.
    Programa desberdinen lanketa-prozesua ikasturtearen azken hiruhilekoan hasiko da eta urriaren 31 baino lehen bukatuko da. Jarraitu beharreko urratsak ondokoak dira:
  • Egoeraren ebaluazioan eta organo eta talde desberdinen proposamenetan oinarrituz, programa bakoitzaren ardura duen organoak eskola-ikasturtean planteatzen diren helburuak eta jarduerak zehaztuko ditu.
  • Zuzendaritza Taldeak talde eta batzorde interesaturi proiektu desberdinak zehazteko eta garatzeko eskatuko die.
  • Zuzendaritzak koordinatu eta koherentzia emango dio urteko planari.
  • Programak landu ondoren, Zuzendaritza Taldeak Plana OOGari aurkeztuko dio, onespena eman diezaion.
    Gurasoen eta ikasleen ordezkariek beren partaidetza-organoetan Urteko Planaren berri emango dute, onetsia izan baino lehen.

    Plana Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikora igorriko da, eta honek, baldin eta legezko arauak eta Hezkuntza Sailaren xedapenak betetzen ez baditu, aldakuntzarako edo hobekuntzarako proposamenak egin ahal izango ditu.

a) Irakasle-jardueren programak ondokoak jasotzen ditu:

  • Antolaketari buruzko urteko erabakiak, Antolakuntza eta Jarduera-Arautegian xedatutakoaren arabera;
  • Ikastetxearen Curriculum Proiektuan sartzen diren aldakuntzak;
  • Curriculum-Proiektuaren garapenerako berariazko proiektuak;
  • Ikastetxearen barne-ebaluazioa egiteko irizpideak eta modua.

Hezkuntza Sailak edo beste edozein Erakundek egin ditzakeen deialdietara Ikastetxeak aurkezten dituen berrikuntza, prestakuntza, etab.i dagozkion proiektuak Urteko Planean sartuko dira.
Hiruhileko, Pedagogi Koordinaziorako Batzordeak irakasle-jardueren programa betetzen ote den ebaluatuko du, inplikatutako talde eta pertsonekin. Zuzendariak OOGari ebaluazio honen alderdirik garrantzitsuenen berri emango dio. Ikasturte bukaeran, klaustroak txosten bat landuko du programaren eta honen burutzapenari eta irakaskuntza-esparruan Ikastetxeak duen funtzionamendu orokorrari buruz balorapena emanez.

b) Prestakuntza-jardueren, jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren programak ondoko alderdiak zehaztuko ditu:

Ikastetxearen prestakuntza-plana eta eskola-garaian irakasleak prestakuntza-jardueretan parte hartzeko irizpideak.

Jarduera osagarriak, hau da, kurtso, ziklo edo etapa bateko ikasle guztiek burutu beharreko aparteko jarduerak, normalean eskolatik kanpo, Curriculum Proiektuaren garapen gisa.

Eskolaz kanpoko jarduerak, hau da, ikasle guztiei irakastorduetatik kanpo borondatez parte hartzeko eskaintzen zaizkienak.

Ikastetxeko prestakuntza-planean, irakasle guztientzat edo irakasle talde batentzat, irakasle-jardueran sumatu diren beharrei erantzuteko, ikastetxean izango diren prestakuntza jarduerak agertuko dira, antolaketari eta ordutegiari dagozkien aldakuntzak espresuki adieraziz. Era berean, ikastetxeko kideek parte hartuko duten urteko planeko eta eskualdeko prestakuntza-planeko jarduerak sartuko dira.
Eskolako ordutegian prestakuntza-jardueretan parte hartzeko ondoko irizpideek izango dute lehentasuna:
Ikastetxeak duen interesa, bere Curriculum-Proiektuaren arabera;
Ikastetxearen eta ikasgela jakin baten jarduera normalean eragin negatiborik ez izatea.
Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programetan, jarduera, beronen arduraduna, programak norentzat diren, helburuak eta jardueraren programazioa, tokia, unea eta kostua azalduko dira, finantzaketa-iturria adieraziz.
Hiruhileko, batzorde iraunkorrak/OOGak programa honen garapenaren jarraitzea egingo du, eta honen berri OOGari emango dio. Ikasturtearen bukaeran, guztizko ebaluazioa egingo du eta bere emaitzak eta proposamenak OOGari igorriko dizkio, eztabaidatu eta urteko memorian sar ditzan.

c) Urteko kudeaketa programak ondoko alderdiok barne hartuko ditu:

  • Programa definitzen duten irizpideak eta lehentasunak.
  • Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.
  • Aldaketak inbentarioan.

Zuzendaritza-Taldearen zuzendaritzapean eta Zuzendariaren ardurapean, Idazkariak urteko kudeaketa-programa kudeatuko du. Hiruhileko, OOGari programa zenbateraino betetzen den jakinaraziko dio eta egindako gastuen justifikazioa aurkeztuko dio, aurrez Batzorde Ekonomikoak ontzat emana.
Aurrekontua aldatzea beharrezkoa denean, beronetan aurreikusitako mugak gainditu gabe, Batzorde Ekonomikoa bilduko da, ontzat emateko. Aldakuntza hauen berri OOGari emango zaio.
Ikasturtea bukatzean Idazkariak, Batzorde Ekonomikoak ontzat emanik, Batzorde Iraunkorrari azken likidazioa aurkeztuko dio. Batzorde berberak programaren gauzatzearen ebaluazio orokorra egingo du eta OOGari bere ondorioak eta proposamenak aurkeztuko dizkio.



6) Urteko Memoria
Urteko Memoriak, gutxienez, ondoko gaiak jasoko ditu:

  • Ikasturtean zehar izan diren eskolako bizitzako gertaera garrantzitsuenak.
  • Ikasleen emaitza akademikoen balorazioa.
  • Ikastetxearen funtzionamenduaren analisia eta hobetzeko proposamenak.
  • Irakasle-jardueren programaren ebaluazioa. Ikastetxearen Curriculum-Proiektuan sartu beharreko ondorioak eta hezkuntza-hobekuntzarako proposamenak.
  • Prestakuntza-jardueren, jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programaren ebaluazioa.
  • Gastuen analisia.

Batzorde iraunkorrak/Zuzendaritza Taldeak, OOGaren ordezkari den batzorde batekin batera, urteko memoriaren zirriborroa landuko du klaustroak eta batzordeek, bakoitza dagokion eskumen-esparruan, egindako txostenetan oinarrituz. Ordezkaritza-organo gorenak aztertu eta, egoki bada, onetsi egingo du.
Partaidetza eta lankidetza-organoek, Memoria hori lantzeko beren balorazioak edo landutako proposamena aldatzeko iradokizunak helarazi ahal izango dituzte.

7) Moldaketak

Proiektu desberdinen aldakuntzak proiektu horiek landu eta onestea dagokion organo berberak landu eta onetsiko ditu.
Lanketa-prozesuek organo arduradunean ordezkaritza duten kideen ahalik eta partaidetzarik handiena ziurtatu behar dute.
Proiektu hauetako edozein aldatzeko ekimenak, gutxienez, bere onespenaren ardura duen organo kideen herena beharko du.
ICPren eta AIAren aldakuntzak urteko planean planteatu beharko dira eta, aldi egoki batez praktikan jarri ondoren positiboki ebaluatu direnean, organo eskudunak onetsiko ditu, dagokien dokumentuan sartzeko.

 
     
  IRAKASLE-JARDUERARAKO TRESNAK  
 

Programazio didaktikoak
1. Irakasle bakoitzak gela barruan ikasleekin egingo dituen eskola-jardueren programazioa zehazteko autonomia eta ardura dauka, Ikastetxearen Curriculum-Proiektuan erabakitako esparruan. Autonomia hau errespetatuz, komenigarria da programazio desberdinak koordinatzea, bai zikloa/maila eta bai arloa kontuan hartuz.

2. Sailetako Taldeek, Ikastetxearen Curriculum-Proiektuan hartutako akordioetan oinarrituz, programazioak (ebaluaketak, indartze neurriak ...) burutzeko irizpideak eta programazio horiek edukiko duten itxuraketa zehaztuko dituzte.

3. Urteko programazio orokor bat eta epe laburragorako programazioak landuko dira, dagokion departamentuko taldeak zehaztuko dituena.
Programazioek, maila bakoitzean, gaia izango dute kontuan, gaia irakatsiko zaien taldeak aintzat hartuz.
Programazioetan, urteko Planean jasotako berrikuntza eta prestakuntza-proiektuen garapenean dagozkien alderdiak sartuko dira.
1. Landutakoan, programazioak argitara eman eta eskatzen duenaren esku egongo dira, egokitzat jotzen dituzten aldakuntza-iradokizunak egin ahal izango dituztenak baldin eta Ikastetxearen Curriculum-Proiektuarekiko koherentziarik ez dutela ikusten badute. Eskola-Kontseiluak Hezkuntza-Proiektuarekiko duten koherentzia egiaztatzeko aztertu ahal izango ditu.

2. Tutoreak curriculum-egokitzapen indibidualak aztertuko ditu, eta orientadorearen eta laguntzarako irakasleen aholkua izango du. Esanguratsuak badira edo aparteko baliabiderik behar badute, zuzendaritzak PATera igorriko ditu, Pedagogi Berrikuntzarako Zuzendaritzak onetsi ditzan izapide egokiak egiteko.


Irakasle-jardueraren jarraitzea eta koordinazioa

1. Ziklo/maila/sailetako taldeek programazio didaktikoen gauzatzearen jarraitzea egingo dute eta irakasle-jardueraren koordinazio-bidea izango dute. Horretarako, zikloko Koordinatzaileak/Sailetako Arduradunak ondoko hauek agertzen diren dokumentuak jasoko ditu:

  • Taldearen irizpide orokorrak
  • Kide bakoitzaren urteko programazioak
  • Akordioen eta konpromisoen aktak
  • Lanerako planean, programazioen praktika ezagutu eta baloratzeko erabat garrantzitsutzat jo diren datuak
  • Aldeak landu eta proposatutako curriculum-materialak
  • Ikasleentzat nahiz irakasleentzat taldean zehaztu diren frogak, inkestak...



DOKUMENTAZIO AKADEMIKOA
1. Ikasle bakoitzak oinarrizko eta derrigorrezko dokumentuak artxibatuko direla bermatuko duen espediente pertsonala edukiko du. Aipatu espedienteak ondoko dokumentuak izango dira:

  • Ikaslearen fitxa pertsonala
  • Espediente akademikoa
  • Bere eskolako bizitzan eragina duten txosten garrantzitsuak
  • Curriculum-egokitzapenak eta salbuespenak, baldin eta baleude.

2. Ikaslearen espediente pertsonala eta bertan jaso beharreko dokumentazioa betetzea ikaslearen tutoreari dagokio, eta Idazkariaren zainpean jarriko da.

3. Ikasle bakoitzak Eskolaketa-Liburu bat izango du, ikastetxean gordeko dena bertan dagoen bitartean. Etapa bukatzean ikasleari emango zaio.

4. Dokumentu hauek gordetzea eta artxibatzea ikastetxeko Idazkariari dagokio. Jasotako informazioa pertsonen intimitaterako eskubideak babesten du eta beraz, ezin izango dira berez hezkuntzazkoak ez diren helburuetarako erabili.

5. Tutoreak, ikaslearen espediente pertsonalaz gain eta tutoreak berak bakarrik erabiltzeko, irakasle desberdinek edo ikasleak berak edo honen familiak emandako informazioetatik jasotako beste datu batzuk erregistratuko ditu, asistentzia-hutsegiteak eta beste hutsegite batzuk barne. Datu guzti hauekin taldeko ikasle bakoitzaren jarraitzea egingo du.

6. Kurtso bakoitzaren bukatzean, ebaluazioaren emaitzak dagokion tutoreak beteko dituen aktetan jarriko dira.

7. Ikasle bat etapa bukatu gabe beste ikastetxe batera aldatzen denean, jatorrizko zentroak Eskolaketa-Liburua eta Ebaluazio Indibidualaren Txostena bidaliko dizkio destinoko zentzuari, honek eskabidea egin badu.




EKONOMI KUDEAKETARAKO BITARTEKOAK

1. Ekonomi kudeaketarako, ondoko tresnak erabiliko dira:

  • Ikastetxeko baliabideen inbentarioa
  • Diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontua
  • Kontabilitate-liburuak
  • Egindako gastuen egiaztagiriak
  • · Aurrekontuaren balantzea eta likidazioa

2. Ikastetxeen ekonomi kudeaketak, ondoren, izaera ekonomiko finantzarioa duen kontu-hartzaile kontrola izango du.

3. Zuzendariak Administrazioaren aurrean ikastetxearen ekonomi kudeaketaren berri emango du.
Aurrekontu-ekitaldia bukatu ondoren eta, Hezkuntza-Administrazioak eskatuta, zuzendariak sinatutako ziurtagiriaren bidez, bukatu berria den ekitaldiari dagokion ekonomi kudeaketa justifikatuko du ikastetxeak, likidazio-kontu batean ikastetxeko aurrekontuan agertzen diren baliabideak zertarako erabili diren adieraziz.

4. Gastu bakoitzean egiaztagiri xehekatuak ikastetxean geratuko dira, dagozkien kontu-hartzaile kontroleko organoen eskueran eta, hala badagokio, Kontu Publikoetarako Euskal Auzitegiaren eskueran, dagozkien egiaztapenak egin ahal izan ditzaten.

 
     
  C. ESKOLA JARDUERA  
 

1. IRAKASLEEI DAGOKIENA

  1. Irakasleek puntualtasunez jardungo dute beren lan orduetan. Orduan hasiko dituzte eskolak eta orduan bukatu.
  2. Irakasle batek, jarduera bereziren batengatik, beste irakasle baten eskolari eragin diezaionean, jakinarazi eta haren baimena beharko du.
  3. Irakasleek ikastetxeari eskainiko dizkioten orduak eta hauen banaketa ikasturte bakoitzaren hasieran Hezkuntza Sailak bidaltzen duen Erabakiaren araberakoa izango da.
  4. Irakasle guztiek legez esleitzen zaizkien irakasle-zereginak beren gain hartuko dituzte eta funtzio bat (tutoretza, zuzendaritza eta kudeaketa, partaidetza edo ordezkaritza, koordinazioa eta zerbitzuak) beteko dute, Erabakiaren arabera.
    Zuzendariak, irizpide pedagogikoak kontuan hartuz, Zuzendaritza-taldeak, irakasle-talde/sailetako taldeak eta, hala badagokio, interesatuak esandakoa entzun ondoren, zereginen esleipena eta zalantzazko arazoak konpondu ahal izango ditu.
    Irakasleen ordutegia irakasle-jardueren programan sartuko da eta irakasle-taldeak onetsiko du. Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikora igorriko da, honek ontzat eman dezan. Aipatu ordutegia jendaurrean erakutsiko da, ikus daitekeen tokian ezarriko da eta hezkuntza-komunitateko edozein kidek eskuratu ahal izango du. Ordutegiaren kopia bat OOGari emango zaio.
  5. Zuzendaritza-taldeak proposatuta, kargu desberdinak, hau da, zuzendaritza, kudeaketa, koordinazio eta ordezkaritza-karguak beteko dituzten pertsonak izendatuko dira, Erabaki honetan finkatutako ordu-murrizketekin edo urteko planean zehazten direnekin batera.
    Irakasleen eta ikasleen guztizko irakastorduak kontuan hartuta, eta geratzen den denboraren arabera, Pedagogi Koordinaziorako Batzordeak, irakasle-taldeetako arduradunei entzun ondoren, proposamen bat egingo du zereginen esleipen-irizpideei dagokienez. Proposamen honetan, arlo edo irakasgai jakin batzuen banaketei, hezkuntza-indargarriei eta irakasle-jardueren programatik eta prestakuntza-planetik sortutako beharrei, etab.ei dagokienez, lehenespen batzuk finkatuko ditu, zeregin bakoitza egingo duen pertsona (edo irakasle-taldea) eta horretarako izango duen denbora adieraziz.
  6. Proposamen honetan oinarrituz, Ikasketa Buruak tutoretzak eta gainontzeko irakasle-zereginak esleituko ditu.
  7. Ikasketa Buruak tutoretzak eta irakasle-jardunak ondoko prozedurari jarraiki esleituko ditu:
    Irakasgai jakin bati dagokion departamentu bakoitzak bere kideen artean iraka-zereginen banaketa-proposamen bat landuko du, zuzendaritza-taldeak onetsi beharko duena. Banaketa honetan ahal den neurrian kontuan izango dira talde-ikasgela bakoitzean irakasle gehiegik esku hartu ez dezan bultzatzen duten antolaketa eta pedagogi irizpideak, eta irakasle bakoitzak ahalik eta talde gutxienetan eskolak ematea ahalbidetzen dutenak.



IKASLEEI DAGOKIENA
Ikus 160/1994 Dekretua, apirilaren 19koa, Euskal Autonomi Elkarteko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokiona.


EGOITZA ETA EKIPAMENDUEN ERABILERA

1. Ikastetxeko materialak eta tokiak zaintzen berton aritzen garen guztion ardura dira. Beraz, denok saiatuko gara gure lantokia (ikasgelak, pasilloak, lantegiak, laborategiak...) garbi edukitzen.
Irakasleek eskola ordua hasten eta bukatzen denean garbi eta txukun geratzen dela ziurtatuko dute.

2. Ikastetxeko egoitzak eta ekipamenduak irakasle-jarduerak burutzeko erabiliko dira.

3. Talde bakoitzari ikasgela bat esleituko zaio ohizko eskola-jarduerak burutzeko; dena den, jarduera jakin batzuk gela espezializatuetan burutu beharko dituzte ikasleek.
Berariazko jarduerak burutzeko leku komunak, ahal den neurrian, talde guztien hezkuntza-premiak asetzeko moduan banatuko dira. Ikasturte bakoitzeko irakasle-jardueren programan leku horiek erabiltzeko irizpideak eta ordu-banaketa ezarriko da.

4. Baliabide didaktikoak baliabide-zerbitzuan egongo dira. Zerbitzu hori arduratuko da baliabideak zaintzeaz, antolatzeaz eta banatzeaz. Era berean, zerbitzu horri dagokio baliabide berriak erostea, irakasleen eskaria, aurrekontua eta Zuzendaritza Taldeak, irakasle-taldeek diotena entzun ondoren, ezarritako lehentasunak kontuan hartuta.
Baliabide didaktikoak erabili ahal izateko, irakasle bakoitzak behar dituen baliabide eta ekipamenduak erabili baino egun bat lehenago eskatuko dizkio zerbitzuaren arduradunari.

5. Ikastetxeko ikasleen gurasoen elkarteak, ohizko zereginak egiteko edo bertako partaideei nahiz ikasleei zuzendatuko jarduerak burutzeko lokalen bat behar izanez gero, zuzendaritzari adieraziko dio. Zuzendaritzak eskariei erantzuna emango die, beti ere eskola-jardunaren bilakaera normalari eragiten ez badiote. Tratamendu bera izango dute Ikastetxeko ikasle elkarteek.

6. Ikastetxeko egoitzak, publikoa baita ikastetxea, gizarte-komunitatearen mesederako eta, batik bat, haur eta gazteen onerako diren kultur, gizarte edo kirol jarduerak burutzeko erabil daitezke. Hala ere, egoitza horiek ezin dira erabili ikastetxeak edo eta bertako elkarteek antolatutako jarduerak oztopatzen dituzten ekintzak burutzeko. OOGak zehaztuko du ikastetxeko lokalak erabiltzeko dauden lehentasunak eta irizpide orokorrak, alabaina, beti ere kontuan izango du euskal eskola publikoaren berezko aniztasuna.

7. Ikastetxeko egoitzaren bat erabili nahi duten erakunde, legezko elkarte edo eta norbanakoek ikastetxeko zuzendariari aurkeztu behar diote eskabidea. Eskabide horretan burutu nahi duten jarduera, unea, iraupena eta zenbat lokal behar dituzten adierazi beharko dute. Era berean, burutuko diren jardueren eta gerta daitezkeen kalteen erantzukizuna hartuko dute beren gain.

8. Ikastetxeko Zuzendaritzak, indarrean dagoen arautegiaren arabera eta OOGaren irizpideei jarraiki, ikastetxeko egoitzak erabiltzeko oniritzia emango du. Era berean, garbiketa, jagoletza eta abarrerako tasak ezar ditzake eta gerta daitezkeen kalteak konpontzeko depositu bat eska dezake; alabaina, sortutako gastuak ordaindu ondoren, likidatu eta itzuli egin beharko du depositu hori.
Ikastetxeko egoitzak ekintza politikoak burutzeko erabili nahi izanez gero, batez ere hauteskunde garaian, dagokion agintaritzak zehaztutako arauak hartuko dira kontuan.


EBALUAZIOA ETA PROMOZIOA
1. Ikasturtea, gutxienez, hiru alditan banatuko da. Irakasle bakoitzak programazio orokor bat eta aldi bakoitzerako beste bat egingo ditu, kontuan hartuko dituelarik gai bakoitzaren ziklo/sailetako taldeak finkatutako jarraibideak, ikastetxeko curriculum-proiektuan jasotakoa betetzeko.
Ikasturtearen hasieran, tutoreak jakintzagaien oinarrizko helburuen eta edukien eta ebaluazio-irizpideen berri emango die gurasoei haiekin egingo diren bileretan. Ikasleei irakasle bakoitzak zehaztuko dizkie jakintzagaiaren nondik norakoak ikasturtearen hasieran.

2. Ikasleen ikaskuntzen banan-banako ebaluazioa eta etengabea izango da eta irakasle guztiek egingo dute taldean. Tutorea izango da talde horren koordinatzailea.
Irakasle bakoitzak egin behar du irakasten duen jakintza gaiaren ebaluazioa.

3. Aldi bakoitzaren bukaeran irakasle-taldeak ikasleen ikaskuntzak eta irakasle-jardun bateratuak ebaluatuko dira. Irakasle-jardueren programan aldi horiek, ebaluazio-bilkurak zein egunetan egingo diren eta zer tresna erabiliko diren adierazi beharko da, curriculum-proiektuaren irizpideen arabera.

4. Ikasketa Buruak ebaluazio-bilkuretara joateko deia egingo die irakasle guztiei eta horiek bertara joan beharko dute ezinbestez.

5. Tutoreak txosten bat egingo du ikasle bakoitzari buruz. Txostenean honakoak agertuko dira:

  • Irakasgaien kalifikazioak;
  • Ikaslearen jarrera eta errendimenduari buruzko oharrak;
  • Behar izanez gero, aholkularitza eta hezkuntza-indargarriak erabiltzeko proposamenak.

6. Txosten hori tutoreak osatuko du ebaluazio-bilkuran. Era berean, iritsitako akordioen eta izandako gorabeheren akta egingo du. Onartutako txostenak eta bilkuraren akta Ikasketa Buruari emango dizkio.

7. Ikasturtean zehar jakintzagairen batean kalifikazio negatiboa duten ikasleek nahikotasun-proba egiteko aukera dute nahi izanez gero. Dagokion departamentuak prestatuko du proba hori eta aztertuko ditu emaitzak. Azken kalifikazioa erabakitzeko, arloaren berezko gaitasunak zenbateraino garatu diren eta oinarrizko edukiak ikasi ote diren hartuko da kontuan, beti ere ikasturtean zehar egindako lana baloratuko delarik.

8. Tutoreak idatziz emango die ikasle eta gurasoei ebaluazioari buruzko informazioa. Ikasturtea bukatutakoan orientabide gisako aholkuak ere emango zaizkie ikasle eta gurasoei, irakasle-taldeak orientabide-zerbitzuaren laguntzaz egin ondoren proposatuko dituenak.

9. Ikasleak hurrengo kurtsoetara igarotzeko Hezkuntza Sailak nahiz zentroak ezarritako irizpide bereziak jarraitu beharko ditu. Heziketa-ziklo bateko kurtsoen artean igarotzea eta lantokiko Prestakuntza modulu batean sartzea 1997/10/3ko EHAA, 5.atalak arautzen du.

10. Ikasturte bakoitzaren bukaeran, aktan jasoko da ikasleen ebaluazioen berri, araututako terminoak erabiliko direlarik kasuak kasu.

11. Ebaluazioa bukatu bezain laster, tutore-taldeak eta gaietako departamentuek amaitu berri den aldia eta ikasleen kalifikazioak aztertuko dituzte.
Tutoreek (guztiek edo maila berekoek) taldeen egoera aztertuko dute, batez ere ebaluazio negatibo gehien duten taldeena, neurri egokiak proposatzeko. Horrelakoetan, orientatzailearen eta laguntzako irakasleen aholkua izango dute.
Gai bakoitzaren departamentuetan, talde eta maila desberdinetako ebaluazioak ikusi ondoren, programazioak aztertuko dira. Gabezia esanguratsuak daudela ikusiz gero, egoki iruditzen zaizkien neurriak hartuko dituzte sailek. Era berean, tutore-taldeen proposamenak aztertuko dituzte.
Tutoreek eta jakintzagai jakinen sailetarako arduradunek honakoak jasotzen dituen txosten bat egin beharko dute: alde batetik, ebaluazioaren emaitzak eta, bestetik, ikusitako arazo nagusiak eta hartutako neurriak, lehenak ikasleen ikuspuntutik begiratuta eta bigarrenak jakintzagaiaren ikuspuntutik begiratuta. Txosten hori Ikasketa Buruari luzatuko diote.

12. Aipatutako informazio guztia irakasle Klaustroari jakinaraziko zaio, emaitzak eta ikusitako arazoak azter ditzan. Zuzendaritza-taldeak, hala nahi duelako edo eta irakasle-talderen batek proposatu diolako ere, hobekuntzak proposa ditzake. Ikasturtearen bukaeran txosten bat egingo du eta ondokoak adieraziko ditu bertan: eskola-jardueren garapena, ikasketen emaitzak, ikastetxearen funtzionamendua eta, azkenik, irakasle-jardueren programa betetzen ote den.

13. Ikasketa Buruak ebaluazioaren emaitzak, arazo orokorrak eta hobekuntza-proposamenak jakinaraziko dizkio OOGari.



Kalifikazioengatik gora jotzea

1. Ikasleek eskubidea dute beren kalifikazio prozesuan eraginik izan dezakeen edozein azterketa edo idatzizko proba zuzendurik eta kalifikaturik ikusteko. Hau, ahal dela, ikasgelan bertan gauzatuko da, bidezko portaera-jokabideei datxezkien baldintzak betez gero.

2. Kalifikazio bat -partziala nahiz finala- jakiten denetik, 48 orduko epea izango da gora jotzea edo erreklamazioa aurkezteko.

3. Ikasturte amaierako azterketen kasuan ikasleek gora-jotzea egiteko eredu orri bat izango dute, bi atalekin:

  1. Azterketa berrikusi ahal izateko eskaria.
  2. Kalifikazioa Sailetan berriz aztertzeko eskaria.

4. Hauxe da gora jotzeetarako prozedura:
Lehenengo eta behin, kalifikazio hori jarri duen irakasleari berari zuzendu behar zaio erreklama- zioa. Honen ondoren irakaslea ados ez balego, edo zentzuzko eragozpenen bat balu irakaslearengana zuzenean jotzeko, ondoko jokabideetako bat jarraituko da:

  1. Ebaluazio partzialen kasuan, gora jotzea tutoreari aurkeztuko zaio eta honek dagokion Sailari emango dio, zentzuzko epe batean erabaki dezan.
  2. Azken ebaluazioa denean, hau da, ekaineko eta iraileko kalifikazioekiko gora jotzea, hala ikasle ofizialentzat, nola libreentzat, idatziz ikastetxeko Zuzendariari egin behar zaio. Honek dagokion sailera bideratuko du gora jotzea; sailak bere ebatzia hartzeko, funtsean, hauxe neurtuko du: azterketak erantzuten dien ala ez finkatutako edukiei eta ebaluazio-irizpideri.

5. Gora jotzea bidezkotzat hartzen bada, Sailburuak balizko zuzenketa egitea proposatuko dio Zuzendariari; kalifikazio berria Aktetan eta gainerako dokumentuetan arauzko prozeduraz jarriko da. Doakion irakasleak, aldaketarekin bat etorri ezean, idazki bat aurkez diezaioke Ikuskaritzari eta honek, egoki baderitzo, proba berri bat proposa dezake.

6. Ikaslearen gora jotzea gaitzetsiz gero, eta ikasleak bere hartan jarraitzen badu, erreklamazioa Hezkuntza Administrazioan dagokion organoari aurkez diezaioke, indarrean dagoen prozeduraren arabera.


IKASLEEN JARDUERA BEREZIAK


1. Jarduera osagarriak:

  1. Curriculum garapenaren zati direnak: bisitak, zinema, antzerkia.... Irakasleek aldez aurretik planifikatu eta Ikasketa Buruari idatziz aurkeztu beharko dizkiete.
  2. Derrigorrezkoak dira, gaixotasun arrazoirik edo medikuaren debekurik ez badago. Kasu honetan guraso/tutoreek edo eta ikasleak berak, adin nagusikoa bada, tutoreari aurkeztuko diote jarduera horietatik salbuetsita geratzeko eskabidea eta arrazoiak azalduko dizkiote.
  3. Gurasoek informazio orritxo bat jasoko dute aldez aurretik eta honekin batera sinatuta itzul dezaten dokumentu bat, jakinaren gainean daudela adierazteko.
  4. Zuzendaritzak, irakasle-taldearen iritzia entzun ondoren, jarduera osagarri zehatz batean parte hartu beharrean, ikasleren bat ikastetxean bestelako lanak egiten gera daitezen komenigarritasuna aintzakotzat har dezake.

2. Laguntzak:
Horrelako jardueraren bat burutzeak ikastetxeak ordain ezin dezakeen gastua balekar, ikasleei diru-kopuru bat eskatuko zaie helburu horretarako. OOGak zehaztuko du, ikasturte bakoitzaren hasieran, jarduera horiek burutzeko ikasleei eska dakiekeen gehieneko diru-kopurua eta finkatuko du ekonomi arazoak dituzten edo jarduera horiek ordaindu nahi ez dituzten ikasleentzako dirulaguntzak, Gurasoen Elkartearen iritzia kontuan izango duelarik.

3. Eskolaz kanpoko jarduerak:

  1. Jakintzagaiei zuzenki loturik ez dauden jarduerak dira: ikasketa bidaiak, ikastaroak, kirolak...
  2. Borondatezkoak izango dira. Nahi duten ikasle guztiek parte hartu ahal izango dute.
  3. Honelakoetarako gutxieneko ikasle kopuru bat prest agertu beharko da.
  4. Jarduera hauek ikasleek ordaindu behar dituzte, eta ikastetxeak horietarako diru laguntzak eman ditzake.

 

4. Etxerako lanak:

  1. Ikasleek ikasgelan landutako edukien ikaskuntzak sendotu behar dituzte ezinbestez ikaskuntza pertsonalaren bidez. Eginbehar horretan laguntzeko, irakasleek etxean zenbait lan egiteko agin diezaiekete ikasleei; lan hauek kontuan hartuko dira eta ebaluatzeko balioko dute. Aipatutako lanak osagarriak izango dira eta ezingo dute barnehartu ikasgelan landu ez diren edukiak menperatzea.
  2. Ikasleek etxeko lanen banaketa ez dela orekatua kontsideratuz gero (aldi batzuetan gehiegi, beste batzuetan askoz gutxiago), talde arduradunaren bidez tutoreari eskatu ahal izango diote arazoa dagokien irakasleekin ahal den neurrian konpontzeko.
  3. Ikasgela guztietan arbel bat izango da, irakasleek agindutako lanak apunta ditzaten, bai ebaluaziorakoak zein kurtsoan zehar egitekoak.
 
     
  D. Antolamendu Orokorra  
 

1. EGUTEGIA
Ikastetxeko OOGak onetsiriko eskola-egutegia agerian jarriko da ikasgela guztietan ikasturte berriaren hasieran. Egutegi horretan, besteak beste, eskola egunak eta ebaluazio bileretako datak argitaratuko dira.

2. ORDUTEGIA
1. Ikastetxearen ordutegia OOGak onetsi beharko du eta, nahi duen orok ikus dezan, ageriko leku batean jarriko da, bereziki ikasleen matrikulazio garaietan.

2. Berandu heltzea eguneroko gauza ez bada, egoki ikusten da ikaslea klasera sartzen uztea. Sarritan gertatzen bada, irakaslearen esku dago sartzen uztea edo ez. Hau gertatzean tutoreak jakitun egon beharko du, neurriak hartzeko (etxera deitu-edo) eta une horretan ikasleaz arduratzeko.
Arazoak jarraitzen badu, Ikasketa Arduradunak neurri bereziak hartuko ditu, eta bestela OOGak.

3. Eskolen artean, bost minutuko tarte bat izan daiteke, irakasleen eta ikasleen joan-etorriei denbora emateko. Tarte hori bete ondoren, ikasleek dagokien gelaren barruan egon behar dute, irakaslea egon zein egon ez, eta gainerako ikasgeletan ez molestatzeko moduko portaeraz.




3. ZAINTZAK
1. Zaintzako irakasleek euren eginkizuna ordukotasunez hasiko dute. Zaintzen iraupena eskolena bezainbestekoa da, eta zaintzako irakasleak ezingo du ordu horretan ikastetxea utzi.

2. Zaintzan dagoen bitartean eta beste betebeharren bat ezartzen ez bazaio, irakasleak irakaslerik gabeko taldeak kontrolatu beharko ditu, eta pasilloetako ordena zaindu. Halaber, batez ere irakasleen gelan egongo da, erraz aurkitzeko moduan.

3. Irakaslerik gabeko ikasleek gelan egon behar dute zaintzakoak adieraziko dienaren zain.

4. Irakaslerik gabeko ordua eguneko azkena bada, Batxilergoko ikasleak eta Goi Zikloetako ikasleak etxera bidali ahal izango ditu zaintzakoak. Ikasleek ezingo dute inola ere beren kabuz erabaki hau hartu.

5. Zaintzako irakasleen beste betebeharretako bat hauxe izango da: falta den nahiz berandu dabilen irakaslearen izena, eskola, taldea eta ordua zaintza-liburuan apuntatzea eta kaleratze orriak (baleude) sinatzea.

6. Departamentuek irakasleen ez-etortzeak gerta daitezkeenerako material osagarria izan behar dute sailkatua, zaintzako irakasleen bidez ikasleei lana emateko.


4. ESKOLETARA EZ JOATEKO DEIALDIAK

1. Jarduera akademikoa ez betetzeko deialdi guztiak Ikastetxeko Ordezkariak, edo ordezkoak, bildu behar ditu, eta Batxilergoko eta Heziketa Zikloetako Ordezkarien Batzordeak eztabaidatu.

2. Ordezkariek deialdiaren zergatia ikertu beharko dute eta arinkeriarik gabe eztabaidatu. Horretarako, eztabaida garaiz planteatzen ahaleginduko dira.

3. Besteak beste, honako alderdiok aztertu eta balioetsiko ditu:

  1. Deialdiak helburu hezitzailea edo formatiboa edukitzea.
  2. Deialdiaren zergatiak ikastetxearekin edo honen sailen batekin zerikusia izatea.
  3. Ikasleak informatzeko denbora nahikoa izatea, berauek proposatzen zaiena eztabaidatu eta aztertu ahal izan dezaten.
  4. Lehenagoko edo geroagoko deialdiekiko hurbiltasuna.

4. Ordezkari Batzordeak eskoletara ez joateko proposamenen bat gauzatu ahal izateko prozedura zehatza OOGak onartuko du eta Ikastetxeko Zuzendaritzak idatziz eskuratuko die Ordezkari Batzordeko partaide guztiei ikasturtearen hasieran.


Komunikatuak eta bozketak
1. Ordezkarien bileran proposamen bat ateratzen bada, proposamen horren azalpen-komunikazioa ikastetxeko iragarki tauletan eta hall-ean jarriko da (ez ikasgeletan). Komunikatua jendaurrean egongo da Ordezkarien bileraren amaieratik bozketa saiora arte (bozketa egingo balitz).

2. Eskola orduaren hasieran, ordezkariek dagokien ikasgeletan zera jakinaraziko dute: ikastetxeko iragarki-oholetan komunikatu bat dagoela eta bozketa saioaren data, bozketarik balego.

Bozkatzeko prozedura
1. Bozketa saioak atsedenaldi denboran egingo dira, ikastetxeko hall-ean.

2. Mahai bakoitzean, OOGeko ikasleen ordezkari bat edo bi izango dira, eta dagozkien zerrenden bidez ikasleak identifikatu, bozketan parte hartzen dutenen kontrola zerrendetan jaso eta botoak bilduko dituzte. Ikasketa Burua (edo eta berak delegaturiko Zuzendaritza kidea) mahai horietan presidente izango da.

3. Bozketa saioa Ikastetxeko hall-ean atsedenaldi denborarekin bat hasiko da. Hall-eko atea itxi egingo da atsedenaldi denborari amaiera ematen dion sirena entzutean. Bozketa saioa ateak ixtean hall-ean geratu diren (eta botoa eman nahi duten) ikasle guztiek botoa emandakoan amaituko da.

4. Botoa eman ahal izateko nahitaezkoa izango da ikastetxeko karneta edo NAN erakustea.

5. Bozketarako paper ofizialak ikasle guztien esku izango dira hall-eko zenbait lekutan bozketa saioan zehar. Bozketa paperek bi aukera izango dituzte laukitxoekin: BAI eta EZ. Posibilitate hauek izango dira: boto baliozkoa (BAI eta EZ), boto zuria (parte hartzen da, baina aukerarik egin gabe), boto baliogabea (baliogabeak dira, esaterako, bi aukerak markatzea, marka ez garbiak...) eta abstentzioa (bozketan parte hartu gabe).

6. Bozketa amaitzean, mahai bakoitzeko ordezkariek beren mahaiko botoak zenbatuko dituzte.

7. Bozketa baliozkoa izan dadin partehartze quorum nahikoa izan beharko du, hau da, boto emaileen 2/3. Eskolaz kanpoko edo jarduera osagarrietako partehartzaileak quorumetik kanpo geratuko dira.

8. Bozketagai izan den proposamenak gehienen onespena izan beharko du ikastetxeko ikasleen erabakitzat hartu ahal izateko.

9. Ez da boto delegaturik izango.

10. Zuzendaritzak ikasgelako iragarki taulan jakinaraziko ditu emaitzak bozketa egin den eguneko eskola orduak amaitu baino lehen.

11. Ikastetxeko Zuzendaritzak konponduko du prozesuan izan litekeen ustekabeko edozein arazo edo gorabehera.




5. IKASTETXEKO PERTSONALAREN GREBAK

a) Ikastetxeko langileen greba gerta dadinean ikasleen gurasoei idazki informatibo bat bidaliko zaie.




6. ADIERAZPEN ASKATASUNA
1. Adierazpen askatasunarekin zerikusia duten informazioak jartzeko ezinbestekoa da Ikastetxeko Zuzendaritzaren onespena.

2. Ikasgeletan eskola jarduerari dagokion informazioa soilik egon daiteke.

3. Ikastetxean honelako informazioak jartzeko arbel berezi batzuk izango dira eta arbel horietan soilik jarri ahal izango dira.

4. Zuzendaritzaren iritzian egoki ez diren informazioak arbeletatik kendu ahal izango dira. Debekua doakienek gora jo ahal izango dute, Ikastetxeko OOGra.

5. Onetsirik dagoen informazioak edo publizitateak Ikastetxearen baimen-zigilua eduki beharko du. Zigilurik ez dutenak kendu egingo dira eta, gainera, jarri dituztenek zigorrak jaso ditzakete.



7. OSASUNA ETA SEGURTASUNA
1. Ikastetxeak badu zauri arinetarako botikin bat. Odol zauriak gertatuz gero, kontu handiz jokatu behar da inor kutsatua gerta ez dadin, botatzeko eskularruak erabiliz, zauria desinfektatuz, eta gero apositu batekin estaliz. Odolak zein bestelako gorputz-jariakinek zorua nahiz edozelako azalera lohitzen badute, garbitu egingo dira, eta gero, minutu batzuetan 1/10era diluitutako lixiba erabiliz desinfektatuko.

2. Istripu kasuetarako Ikastetxeak baditu segurua eta ospitale edo osasun zentro batzuekiko hitzarmenak; zaurituak egoitza jakin horietara eraman behar dira. Xehetasunak Idazkaritzan galdetu behar dira.

3. Ikastetxean erretzea galarazita dago, toki salbuetsietan izan ezik; horrelaxe agintzen du egoitza ofizialetarako indarrean dagoen arautegiak.

4. Erretzen duten helduentzat leku bereziak finkatuko dira, eta galarazita egongo da bertatik kanpo erretzea.

5. Indarrean dagoen legediaren arabera, zeharo debekaturik dago alkoholdun edariak eta estupefazienteak sartzea eta kontsumitzea patioetan eta Ikastetxean.

6. Janaria eta edari alkohol-gabeak, ostera, baimendutako lekuetan kontsumitu beharko dira, eta beraiek sortzen dituzten zabor-hondakinak xede horretarako dauden ontzietan utziko dira.